“Eskatu, eskaini euskaraz” kanpainak, merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabileraren aldeko sentsibilizazioa areagotu nahi du.
Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sustatutako kanpaina honen hirugarren edizioa da aurtengoa. Kanpaina hau, Eusko Jaurlaritzaren, hiru foru aldundien, udalerrien eta merkataritza nahiz ostalaritza elkarteen lankidetzan eta elkarlanean oinarritzen da.
“Eskatu, eskaini euskaraz” kanpainaren helburuak dira, batetik, Bilboko erosle eta kontsumitzaileak aktibatzea, erosketak egin edo kontsumitzean euskara erabil dezaten. Eta bestetik, Bilboko merkatari eta ostalariak gonbidatzea, euskaraz hurbiltzen zaizkien bezeroei euskaraz erantzun diezaieten.
Aurten, Euskal Autonomia Erkidegoko 124 udalerri batu dira kanpainara, iazkoaren bikoitza. Udalerri horien artean Bilbo dago. Izan ere, Bilboko Udalaren Biribilko egitasmoarekin ondo uztartzen da kanpaina hau, hiriko merkataritza eta ostalaritza harremanetan euskararen erabilera suspertzea duelako helburu eta horren bidez, Bilboko merkataritza eta ostalaritza sektoreak bezeroei eskainitako arreta pertsonalizatuaren kalitatea hobetzen delako eta hizkuntzaren normalizazio prozesuarekin Bilbok daukan konpromisoa erakusten duelako.
Hortaz, abenduaren 5etik 31ra bitartean, Bilboko merkataritza eta ostalaritzan euskara erabiltzera animatuko gaituzten mezuak ikusi eta entzungo ditugu euskarri desberdinen bitartez. Dei horri erantzunez, egin dezagun euskaraz Bilboko merkataritzan eta ostalaritzan. Denon onerako izango da.