BIRIBILKO 2012-2013 IKASTAROETARA JOANDAKOEN %86K HURRENGO IKASTURTEAN BERRIZ MATRIKULATZEKO ASMOA AGERTU DUTE

2012-2013 ikasturtea Biribilko ikastaroen 4. edizioa izan da. Aurreko ikasturteetan bezala, bi ikastaro mota antolatu dira: batetik, euskara komertzialeko oinarrizko ikastaroa (87 ordukoa), euskara ez dakiten (edo oso gutxi dakiten) Bilboko merkataritza establezimenduetako enplegatuei zuzendua, eta bestetik, euskara komertziala hobetzeko ikastaroa (100 ordukoa), euskaraz zerbait hitz egiten dakiten merkatariei zuzenduta.

Oinarrizko ikastaroa, urrian hasi eta maiatzean amaitu da eta hobetzekoa, urritik ekainera artekoa izan da. Bi ikastaroetan, klaseak astean bi egunetan ematen dira. Ikastaroaren prezioaren %75 Bilboko Udalak eta Habek finantzatzen dute, eta gainerako %25 merkatariak. Klaseak ondorengo euskaltegietan eman dira: Bilbo Zaharra, Indautxu AEK, Lizardi AEK eta Matxintxu AEK.

2012-2013 ikasturtean 135 merkatari matrikulatu dira, iaz baino %19 gehiago. Ikastaroetara joan diren merkatariek oso modu positiboan baloratu dituzte ikastarook: 0tik 10era bitarteko eskala batean, batez beste, 8,3ko puntuazioa eman dizkiete (iazkoaren parekoa: 8,4).

Hain zuzen ere, ikastaroen alderdi desberdinak baloratzeko eskatu zaie merkatariei: ikasle taldea, ikastaroen iraupena eta datak, irakasleak, irakatsitako edukiak, irakaskuntza sistema, prezioa, euskaltegien kokapena… Baloratutako alderdi guztietan lortutako batez besteko puntuazioa beti izan da 7tik gorakoa. Biribilko ikastaroen bidez merkatariek lortutako asebetetze mailaren adierazgarri nagusia, hurrengo ikasturtean berriz matrikulatzeko asmoa agertu dutenen proportzio handia da: %86k hain zuzen ere, interes handia adierazi dute datorren ikasturtean ere jarraitzeko. Ildo berean, merkatariekin izandako harremanetan asko izan dira aurrera begira Biribilko ikastaro hauek mantentzearen garrantzia aipatu dutenak.

Horrez gain, beste merkatari batzuentzat ere ikastaro hauek oso gomendagarriak direla uste dute: 0tik 10era, zenbateraino animatuko lituzketen ikastaro hauetara etortzera galdetuta, 8,8ko puntuazioa ateratzen da.

Beste albiste batzuk: