Euskara, geroz eta gehiago, Bilboko eguneroko bizitzan presente dagoen hizkuntza da. Izan ere, asko dira euren erosketa, aisialdi eta kontsumo-esperientzian euskara erabiltzea baloratzen duten pertsonak. Horregatik, berriz ere Biribilkok, merkataritza eta ostalaritzako profesionalei euskara ikastaroak eskainiko dizkie beren-beregi.
Eguneroko lanera egokitutako prestakuntza praktikoa da, bezeroei emandako arretaren alderdi desberdinak hobetzen laguntzeko: aurrez aurreko arretan segurtasun handiagoz moldatzen ikasteko, agurra egin eta elkarrizketak hasteko, ohikoak diren egoerei erantzuteko eta euskarazko komunikazioa apurka hobetzen joateko.
Ikastaroak ezagutza-maila desberdinetara egokitzen dira, euskaraz apenas dakiten pertsonetatik hasi eta arreta euskaraz emateko duten gaitasuna hobetu nahi duten pertsonetaraino. Gainera, Udalak matrikula kostuaren zenbateko osoa itzultzen die eskoletarako asistentzia-baldintzak betetzen dituzten ikasleei. Horrela, kostu ekonomikorik gabeko prestakuntza jasotzeko aukera ematen da.
Orain arte, ikastaroetan parte hartu dutenen esperientziak ekimen honen balioa erakusten du. Ikasleek oso balorazio ona egiten dute jasotako prestakuntzaz, eta gehiengo zabal batek adierazi du, ikasturtea amaitu ondoren, euskara sarriago erabiltzen duela bere establezimenduan.
Euskararen erabilerak bezeroei eskainitako arreta hobetzeaz gain, Bilboren identitatearekiko gertutasuna, kalitatea eta konpromiso irudia proiektatzen ere laguntzen du.
Ikastaroei buruzko informazio gehiagorako kanal hauek erabil ditzakezu: Biribilkoren webgunea, info@biribilko.eus helbide elektronikoa edo 688 739 015 telefonoa.
Irailean zehar matrikulazio-kanpaina burutuko da eta helburua izango da batetik, ikastaro hauen berri ematea eta bestetik, interesa duten guztiei matrikulatzeko aukera eskaintzea.




