– Aurreko edizioetan, Biribilko merkatariendako zen, baina, aurten, lehenengo bider, ostalaritzako profesionalendako ere izango da.
– Programaren xedea da urian euskararen erabilera sustatzea, eta, horretarako, merkatariei eta ostalariei euskara ikasteko eta bezeroekin, hornitzaileekin eta lankideekin izaten dituzten harreman profesionaletan euskara erabiltzeko baliabideak eskaintzea. Parte hartzaileek aukeratu egin beharko dute bi mailen artean, eta aurten, berritasun moduan, goizeko ordutegiez gain, arratsaldeko ordutegiak ere eskainiko dira.
– Interesa duten Bilboko merkatariek eta ostalariek datorren urriaren 7ra arte dute epea izena emateko, Biribilkoren web-orrian, euskaltegietan bertan edota 688 739 015 telefonora deituz.
– Biribilko programa 2009an jaio zen eta, harrezkero, Bilboko 1.900 pertsona baino gehiago matrikulatu izan dira, merkataritzaren arlokoak.
(Bilbon, 2022ko irailaren 14an).- Bilboko Udalak abian jarri du Biribilko programaren beste edizio bat; programa horren bidez, euskara ikastaroak eskaintzen ditu, aurreko edizioetan Uriko merkatariendako, eta, aurten, lehenengo bider, Bilboko ostalaritzarendako ere bai.
Programaren xedea da urian euskararen normalizazioa eragitea, eta, horretarako, merkatariei eta ostalariei aukera eskaintzea euskara ikasteko eta bezeroekin, hornitzaileekin edo lankideekin dauzkaten harreman profesionaletan erabiltzeko.
Biribilko ikastaroak Bilboko Udalak eta HABEk laguntzen dituzte diruz, eta 90 euro da haien kostua; 90 ordu irauten dute, eta bi formazio-maila eskaintzen dituzte:
– Euskara komertzialeko oinarrizko ikastaroa: Bilboko merkatariendako eta Bilboko merkataritzan eta ostalaritzan enplegatutako pertsonendako, euskaraz ez dakitenendako edo oso gutxi dakitenendako. Helburua da ahozko oinarrizko komunikazioa lantzea.
– Euskara komertzialeko hobetzeko ikastaroa: Bilboko merkatariendako eta Bilboko merkataritzan eta ostalaritzan enplegatutako pertsonendako, euskaraz zertxobait dakitenendako. Aukera honetan, helburua da merkataritzaren arloan erabiltzen den euskara hobetzea, ahozkoa nahiz idatzizkoa.
Eskolak astean bi egunetan emango dira: astelehenetan eta eguaztenetan, edo martitzenetan eta eguenetan, 2022ko urritik 2023ko ekainera. Edizio honen beste berritasun bat ordutegien inguruan da, zeren eta, aurten, goizeko ohiko ordutegiaz gain, arratsaldekoa ere eskainiko baita.
Interesdunek urriaren 7ra arte dute epea izena emateko, Biribilko webgunean edota Bilboko euskaltegietan bertan, edo 688 739 015 telefonora deituz. Biribilko programa honako euskaltegi hauetan eskainiko da:
– Bilbo Zaharra, Posta Kalea, 8. (Tel.: 94 4158292)
– Gabriel Aresti, Done Bikendi Kalea, 2- 4. solairua (Tel.: 94 4237591)
– Indautxu AEK, Urkixo Zumarkalea, 88 (Tel.: 94 4413474)
– Juan Mateo Zabala, Gordoniz Kalea, 22 (Tel.: 94 4221388)
– Matxintxu AEK, Ramón y Cajal Etorbidea, 8 (Tel.: 94 4752233)
– Lizardi AEK, Txakur Kalea, 1 (Tel.: 94 4168200)
– Santutxuko AEK, Arbidea Kalea, 21 (Tel.: 94 4117656)
– Ulibarri Euskaltegia, Gardoki kalea, 3 – 1. ( Tel.: 94 4162427)
Euskara-eskoletara joanez gero, ziurtagiri bat emango zaio bakoitzari, Biribilko 2021-2022 ikastaroan parte hartu izana ziurtatzen duena (betiere, eskolen % 75era joan izana bermatu behar da). Horrez gain, hala nahi badute, doan eskuratu ahal izango dituzte merkataritzako eta ostalaritzako gaztelania-euskara hiztegiak. Era berean, doako itzulpen zerbitzua baliatu ahal izango dute (gaztelaniatik euskarara), jendaurreko merkataritza- eta ostalaritza-testuak itzultzeko (kartelak), saltokietan erabili behar direnerako.
Udalak elkarlanean garatzen du programa hau, euskararen erabilera sustatzeko udal programa hau bilbaoDendak elkartearekin eta uriko alde batzuetako eta besteetako merkatarien elkarteekin, HABErekin eta euskaltegi homologatuekin elkarlanean, eta, oraingo aldi honetan, baita Bizkaiko Ostalarien Elkartearekin ere.
Biribilko programa 2009an jaio zen eta, harrezkero, 1.900 pertsona baino gehiago matrikulatu izan dira, Bilboko merkataritzaren arlokoak. 2020an, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Bilboko Udalak Biribilko programan parte hartzen duten komertzioak omendu zituen, Bilboko kaleetan euskararen normalizazioaren alde egindako lanagatik.
SARE SOZIALAK:
– Bilbao Udala: YOUTUBE | FACEBOOK | TWITTER | INSTAGRAM
– Bilbon Euskaraz: FACEBOOK | TWITTER