Euskararen normalizazio prozesuak Bilbon aurrera egin dezan, merkataritza sektorearen inplikazioak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du Udalak abenduaren 2an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko burutu den ekitaldian. Horretarako, Biribilko egitasmoan parte hartzen duten 5 establezimenduk aitortza eta esker ona jaso dute, euskara sustatzeko erakusten duten konpromisoarengatik eta egiten duten ahaleginarengatik.
Alde batetik, Frutería Los Chicos, Arbeko Electrodomésticos eta Farmacia Lotina establezimenduek euskara ikasi eta bezeroei zerbitzua euskaraz eskaini ahal izateko egiten duten ahalegina eta erakusten duten gogoa goraipatu nahi izan da. Hirurek, modu erregularrean hartzen dute parte Biribilko Euskara ikastaroetan.
Bestalde, Semillas, plantas y floristería Mikel Zuazua eta Deustu Bike establezimendu euskaldunak dira eta Biribilkon kokatzen den Euskararen Txanda ekimenean parte hartzen dute. Establezimendu hauek, euren bezeroei euskarazko arreta eskaintzen dietela ezagutarazteko Euskararen Txandaren logoa agerian ipini dute. Horrela, bezero euskaldunak bertan sartu eta euskara erabiltzera animatu nahi dira. Hortaz, bi establezimendu hauek merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko erakusten duten borondatea eta konpromisoa goraipatu nahi izan da.