2011-2012 ikasturtea Biribilko ikastaroen 3. edizioa izan da. Aurreko ikasturteetan bezala, bi ikastaro mota antolatu dira: batetik, euskara komertzialeko oinarrizko ikastaroa (87 ordukoa), euskara ez dakiten (edo oso gutxi dakiten) Bilboko merkataritza establezimenduetako enplegatuei zuzendua, eta bestetik, euskara komertziala hobetzeko ikastaroa (100 ordukoa), euskaraz zerbait hitz egiten dakiten merkatariei zuzenduta.
Oinarrizko ikastaroa, urrian hasi eta maiatzean amaitu da eta hobetzekoa, urritik ekainera artekoa izan da. Bi ikastaroetan, klaseak astean bi egunetan ematen dira. Ikastaroaren prezioaren %75 Bilboko Udalak eta Habek finantzatzen dute, eta gainerako %25 merkatariak. Klaseak ondorengo euskaltegietan eman dira: Bilbo Zaharra, Indautxu AEK, Juan Mateo Zabala eta Matxintxu AEK.
2011-2012 ikasturtean 113 merkatari matrikulatu dira eta oro har, ikastaroen balorazio oso positiboa egin dute: 0tik 10era bitarteko eskala batean, 8,4 puntu eman dizkiete, batez beste. Puntuazio hau, aurreko ikasturtean (2010-2011n) lortutakoa baino zertxobait hobexeagoa da, orduan 8,1ekoa izan zen eta.
Hain zuzen ere, ikastaroen alderdi desberdinak baloratzeko eskatu zaie merkatariei: ikasle taldea, ikastaroen iraupena eta datak, irakasleak, irakatsitako edukiak, irakaskuntza sistema, prezioa, euskaltegien kokapena… Baloratutako alderdi guztietan lortutako batez besteko puntuazioa beti izan da 7tik gorakoa. Zentzu honetan, datorren ikasturtean berriz ere matrikulatzeko interes handia agertu dute merkatariek (0tik 10erako eskalan, 8,9 puntu batez beste) eta aldi berean, beste merkatariei ikastaro hauetan matrikulatzeko aholkatuko liekete oso modu nabarmenean (8,6 puntu).