Bilboko merkatariek eta dendetan lan egiten duten pertsonek, izena eman dezakete jadanik Bilboko Udalak, HABErekin eta hiriko merkatari elkarteekin elkarlanean, hirugarren urtez martxan jarri dituen Biribilko euskara komertzialeko ikastaroetan.
Ikastarook Biribilko Egitasmoaren barnean kokatzen dira, Bilboko eskaintzaren eta eskariaren arteko harreman komertzialetan, euskarazko komunikazioa sustatzea helburu duen Biribilko Egitasmoan, alegia. Udalaren Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak eta Lan Ekintza udal sozietateak bultzatutako proiektua da, Siadeco enpresa izanik bere zuzendaritza teknikoaz arduratzen dena.
Bi eratako ikastaroak eskaintzen dira:
– euskara komertzialeko oinarrizko ikastaroa, euskara batere ez dakiten pertsonentzat. 87 orduko ikastaroa, urria eta maiatza bitartean eskainiko da.
– euskara komertziala hobetzeko ikastaroa, jada euskaraz zerbait dakitenei zuzendutakoa. 100 orduko ikastaroa, urria eta ekaina bitartean eskainiko da.
Bi ikastarotan klaseak astean bitan emango dira (astelehen eta asteazkenetan, edo astearte eta ostegunetan), goizez edo eguerdiz, pertsona bakoitzaren interesaren arabera.
Ikasleek, ikastaroaren kostu osoaren %20 ordainduko dute, eta gainerako %80a Udalak eta HABEk finantzatuko dute.
Matrikula epea zabalik dago irailaren 28ra arte. Matrikulatzeko interesa duten merkatari eta enplegatuek, ondorengo euskaltegietako batera joan beharko dute:
Bilbo Zaharra, Posta kalea, 8 (Tfnoa: 94 4158292)
Indautxu AEK. Urkixo zumarkalea, 88 (Tfnoa: 94 4413474)
Juan Mateo Zabala, Gordoniz kalea, 22 (Tfnoa: 94 4221388)
Matxintxu AEK, Ramon y Cajal etorbidea, 8 (Tfnoa: 94 4752233)
Lizardi AEK, Txakur kalea, 1 (Tfnoa: 94 4168200)
Ulibarri, Gardoki Kardenalaren kalea, 3 (Tfnoa: 94 4162472)