Bilbon web orria duten 374 merkataritza establezimenduen %10k euskaraz ere eskaintzen du baliabide hau. Hauxe da Siadecok Biribilko egitasmoaren barnean egindako azterketan baieztatu ahal izan duena. Beren web orria euskaraz eskaintzen duten establezimenduen artean, azpimarratzekoak dira liburu eta paper-dendak, baina badira ere moda eta osagarrien dendak, etxerako tresnen establezimenduak, supermerkatuak, etab.
Bestalde, aztertutako web orrien %20 inguru ingelesez ere eskaintzen dira, eta %5 inguru frantsesez. Beste hizkuntzaren batean eskainitakoak (katalana, portugesa, alemana, etab.) %8 inguru dira.
Web orria duten Bilboko establezimenduen %30k on line erosteko aukera eskaintzen du, hau da, hiriko establezimendu guztien %2,9.On line erosteko aukera ematen duten web orri guztien %12,4 euskaraz daude, hau da, hiriko merkataritza establezimendu guztien %0,4.Euskaraz dauden web orri guztien %38,9 salerosketa elektronikorako aukera ematen du.
Azterketa hau egiteko, Biribilko komunikazio kanpainan establezimenduak berak emandako web orriak aztertu dira, eta baita Bilbao Dendak merkatari eta ostalari elkarteko web orrian jasota dauden enpresa eta establezimenduetako web orriak ere.