Kanpaina honek, Bilboko merkataritza sektorearen errealitate soziolinguistikoaren azterketari erantzuten dio: batetik, euskarak, merkataritza harremanaren berezko ezaugarriei erantzun behar dielako, eta harreman horietan goxotasuna funtsezko faktorea da. Bestetik, gero eta gehiago direlako Bilbon eta bere inguruan euskaraz hitz egiten dakitenak. Horretaz gain, eskariaren segmentu adierazgarriek, euskarak merkataritzaren irudia hobetzen laguntzen duela irizten dutelako.
Kanpaina hau, Bilboko merkataritza eskaintzari eta eskariari zuzenduta dago. Eskariari dagokionez, xedea Biribilkoren irudiaren eta egitasmoaren printzipioen inguruan, informazio sentsibilizatzailea eskaintzea da. Eskaintzari zuzendutakoa berriz, Bilboko Udala, HABErekin elkarlanean, euskara ikasteko antolatzen ari den formazio eskaintzaren inguruko informazio kanpaina izango da.
Kanpaina honetarako, euskarri desberdinak landu dira:
– Merkataritza paisaian izango duen presentziari dagokionean: faroletan ipintzeko banderatxoak diseinatu dira, eta baita merkataritza zona zehatzetan lurrean itsatsiko diren eranskailu bereziak ere.
– Merkataritza eskaintzari egingo zaion komunikazioari dagokionean: Merkataritzari luzatutako euskara ikastaro eskaintzaren inguruko informazioa ematen duen liburuxka diseinatu, eta liburuxka hiriko establezimendu guztietan banatuko da.
– Merkataritza eskariari egingo zaion komunikazioari dagokionean: Biribilkoren inguruko oinarrizko informazioa eskaintzen duen liburuxka dibulgatiboa diseinatu da; liburuxka hiriko kale desberdinetan, oinezkoen artean banatuko da.
– Espazio birtualean egingo den komunikazioari dagokionean: Biribilko-ko web orrian kanpainaren inguruko informazioa txertatuko da.