HAMAIKA MOUNTAIN
Aurkeztuko duzu zeure burua, mesedez?
Izaskun naiz. Denda honetan lan egiten dut, eta Hamaika Mountain du izena. Hamaika Mountain-eko kide bat naiz, eta beste lankide batzuk ere badaude hemen. Mendiko denda bat da, ikusten duzuen moduan Mendirako materiala daukagu: zapatak, arropa, katuoinak, tresnak... Apur bat denetarik. Indautxu auzoan gaude, anbulategiaren aurrean.
Zerk animatu zintuen Biribilko ikastaroetan matrikulatzera?
Beti nahi izan dut euskararekin jarraitu, baina ez neukan ordutegirik. Egia da, nahi izanez gero beti aurkitzen dela tarteren bat, baina nik ez neukan denborarik. Orduan zuek etorri zineten, eta bi aukera zeuden: lanera sartu aurretik edo eguerdian. Pentsatu nuen: "Primeran, eguerdian egingo dut, astean bitan". Gainera, nekiena ez galtzeko ere oso aukera ona iruditu zitzaidan.
Nolakoa izan da zure esperientzia ikastaro hauetan?
Esperientzia itzela izan da, primerakoa. Oso pozik nago. Lotsa galtzea lortu dut, eta hori da garrantzitsuena. Hizkuntza erabiltzeko eta ez galtzeko, lotsa kendu eta hitz egin behar dugu.
Zer lortu duzu Biribilko ikastaroen bidez?
Euskara gehiago hitz egitea, lotsa barik, beldur barik, eta euskara erabiltzea.
Zure lanerako balio izan dizu?
Bai, nik uste dut bezeroek eskertzen dutela. Batzuetan ezin duzu elkarrizketa osoa euskaraz jarraitu, baina nik gaztelania eta euskara nahasten ditut, eta aurrera egiten dugu. Ahal dudan guztia euskaraz egiten saiatzen naiz.
Zer esango zenioke ikastaroetara joateko zalantzan dagoen pertsona bati?
Apuntatu, probatu eta gero esan! Ziur nago pozik egongo direla.

